Idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko harremana auzi zaharra da Komunikazioaren Ikerketan, baina baita komunikabideen ekosistema garaikidean gaurkotasun handikoa ere. Izan ere, testuaren eta hartzearen izaerari buruzko gogoeta orok galdegin beharra du ahozkoaren eta idatzizkoaren lekuaz giza komunikazioan, eta egungo multimedia bateratzeak eta ikus-entzulerien ibilera transmediatikoek (Jenkins, 2006) arazoa ebatzi baino, berriro mahaigaineratu dute. Finean, idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko harremanak telebistaren izaerari buruzko eztabaida ere islatzen du: zer da telebista? Ekoitzitako, igorritako, inskribatutako ikus-entzunezko testuen jarioa, ala jario horrekiko kontaktua, esperientzia eta kontakizuna? Non da telebista? Haren saio, iragarki, egitura formal eta diskurtsoaren antolamenduetan, ala hauekiko eratzen diren unean-uneko harreman iragankor, aldakor eta erregistratu gabekoetan?
Michel de Certeaurentzat idazketa berezko espazio baten eraikuntza da, finean: “ Zer da idaztea orduan? Nik ´idaztea´ berezko espazio (un espace propre), zuriune bat eraikitzeko jarduera zehatza bezala izendatzen dut – orrialdea- bertatik aurretiaz isolatua izan den kanpoaldearekiko boterea duen testua” (de Certeau, 1984: 134)[1]. Idatzizkoa, hortaz, (komunikabideen) espazioaren okupazio estrategikoa da, boteretsuaren pribilegioa modernitatean. Ahozkoa, aldiz, idatzizkoaren botere guneetatik at, menpekoen ahotsetan kokatzen den tradizioa da Eguneroko Bizitzaren Praktika lanaren egilearentzat: idatzizkoari estrategia dagokio, ahozkoari aldiz taktika. Idatzizkoari ekoizpenaren ideia lotzen zaio, aurrerapen zientifiko, artistiko, ekonomikoa. Ahozkoari aldiz lorratzik uzten ez duen, berezko espaziorik ez duen sormen lana dagokio:
´Egite´ hau ekoizpena da, poiesia, baina ezkutukoa, ´ekoizpen´ sistemek (telebistak, hirigintzak, merkataritzak, eta abar) definitu eta okupaturiko lurraldeetan sakabanatuta baitago, eta sistema hauen hedakuntza hazkorrak ez baitie ´kontsumitzaileei´ lekurik uzten sistemaren produktuekin zer egiten duten erakusteko. Ekoizpen arrazionalizatu, espantsionista eta aldi berean zentralizatu, zaratatsu eta ikusgarriari beste ekoizpen bat dagokio, “kontsumoa” deitutakoa. (de Certeau, 1984: 14-15)[2]
Ikus-entzuleriak, hortaz, ahozkotasunaren ez-lurraldean kokatzen dira, telebistak izkribatutako espazioan isilpeko ehiztarien gisa jardunez esanahi eta plazeren ekoizpen isilean. Telebistaren ekoizpen ikusgarriak bere lurraldea osatzen du, estrategiak garatzeko gai da, eta aldiz ikus-entzuleek taktika ezberdinak baliatu behaar dituzte, beti besterena den lurretan. Roger Silverstonek ere, de Certeauren lanetik abiatuta, ahozkoa eta idatzizkoa boterearen bi muturretan kokatzen ditu: “…ahozkoak ihes eta aurka egiten du. Ahotsek eta gorputzek plazera eta mina adierazten dute. Ahozkoak esperientziaren eta oroimen kulturalaren espazioak okupatzen ditu: eguneroko bizitzaren espazioak. Idatzizko ekimenaren kanpoan eta aurka kokatzen da.” (Silverstone, 1989: 83)[3].
Walter J. Ongena ez da auziaren inguruko hain irakurketa politikoa. Haren ustez ahozko kultura kultura idatziaren aurrekaria da, testualtasuna batez ere idatzizko formei lotzen zaielarik (Ong, 2002). Interesgarria da halere komunikabideen ekosisteman bi ahozkotasun maila identifikatzen dituela ikustea. Autorearen ustez, lehen mailako ahozkotasuna idazketa edo inprentarekiko batere kontaktu edo ezagutzarik ez duen kulturei dagokie “´Lehen mailakoa´ da egungo goi-teknologiadun kulturaren ´bigarren mailako ahozkotasunarekin´ alderatuta, non telefonoak, irratiak eta haien funtzionamendurako eta existentziarako idazketa eta inprentaren beharra duten beste gailu elektronikoek ahozkotasun berri bati eusten dioten.” (Ong, 2002: 11)[4]. Zentzu horretan, gaur egun apenas existitu daitekeen lehen mailako ahozkotasunik munduan, ia kultura orok izan baitu idazketaren berri eta idatziarekiko esperientziaren bat. Halere, Wongek argudiatuko du lehen mailako ahozkotasunaren pentsamoldeak eguno komunikabideen ekosisteman ere irauten duela, kultura eta subkultura ezberdinetan. Argigarria da, zentzu berean, Joshua Meyrowitzek Robert Sacken Lekua Testuinguru Bezala lanaren iruzkinean[5] eginiko oharra (Meyrowitz, 1990: 132):
… ahozkotasuna bakarrik existitu izan da inoiz forma garbian. Idatzizko kulturak eta kultura elektronikoak hibridoak dira. Irakurtzen dakiten kulturek hitzegiten jarraitzen dute, eta kultura elektronikoek irakurri eta idazten jarraitzen dute. “Irakurketaren kultura” bati erreferentzia egitea, orduan, ´gizarte industrializatua´ bezalako laburdura erabiltzea da. Halako kontzeptuek ez dute iradokitzen hizkera edo nekazaritza desagertu direnik, hurrenez hurren, soilik teknologia berri bat gizartearen eraldaketan egundoko papera jokatzen ari dela.[6]
Horrela hartuta, espazio hibridoa da komunikabideen espazio garaikidea: ahozkotasuna testu idatziekin bizikidetzan dago, elkarreraginean, eta ikus-entzuleek ere idatzizko kulturaren eta ahozko kulturaren ezaugarriak agertzen dituzte, haien eguneroko jardunean. Interesgarria da Meyrowitzek proposatzen duen harreman ez-baztertzailea ahozko eta idatzizko kulturen artean (Meyrowitz, 2008), non idatzizko kultura batek ez duen ahozkotasuna ukatzen, gizarte industrializatu batek nekazaritza ukatzen ez duen modu berean. Komunikabideen ekosisteman egun geroz eta argiago marraztuta ikusi dezakegun ezaugarri honek ikerketarako aukera berriak zabaltzen ditu, ahozkotasuna testu multimediekiko harremanen eta hauen bizipenekiko atari bezala baliatu baitaiteke, elkarren artean zeresanik ez duten komunikazioaren agerpen isolatu eta funtsean bateragaitz bezala hartu beharrean.
Xede horri begira, telebistaren ikus-entzulerien ikerketan ahozkotasunaren adiera ezberdinak identifikatu daitezke. Alde batetatik telebistako testuaren eraikuntzan ahozkotasunak duen garrantzia abiapuntu hartuta saioen eta generoen azterketa formala burutu da, dela hitza oinarrian duten saioetan ikus-entzuleriaren parte-hartzea aztertuz (S. M. Livingstone & Lunt, 1994), edo genero eta formato zehatzen[7] ezaugarri eta bilakaera historikoa azaltze aldera (Askoren artean, 2000; Timberg, 2004). Telebistaren testuaren azterketa formal hauetaz gainera ikus-entzuleen telebistaren inguruko hizketa ere ikergai izan da, guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketetan (Huesmann, Eron, Klein, Brice, & Fischer, 1983), aurrez aurreko eta telebistako berbetaren arteko ezberdintasun eta antzekotasunen azterketan (Scannell, 1991), bezperako telenobelari buruzko emakumezkoen beharlekuko solasaldietan (Hobson, 1982) eta familia giroan sortzen diren telebistaren inguruko eztabaidetan (Goodman, 1983). Kasu guzti hauetan, ahozkotasuna iker-objektu bezala hartu izan da, telebistaren ikus-entzulerien edo telebistaren izaeraren dimentsio behagarri bezala.
Bestalde, eta ahozkotasuna ikus-entzuleriaren ikerketa etnografikorako tresna bezala hartu izan duen ikerketarik ere badago, non ahozkotasuna helburu baino bitarteko bezala hartu den. Aipamena merezi du Jukka Kortti eta Tuuli Anna Mähönenen Telebista Gogoratuz: Komunikabideen Etnografia, Ahozko Historia eta Finlandiar Hirugarren Belaunaldiko Komunikabideen Historia lanak (Kortti & Mähönen, 2009). Artikuluan telebistak Finlandian izandako 50 urteko garapena (1957tik 2007ra) aztertzen da, hainbat finlandiarren ahozko kontakizunetik abiatuta. Hau da, telebistak belaunaldi ezberdinetako finlandiarren bizitzan izan duen papera aztertzen da, belaunaldi hauen oroitzapenen bidez: telebistaren idatzizko espazioa ahozko lekukotzen bidez deskribatzen da. Irudi eta soinuen ekoizpen eta banaketarako teknologien berrikuntza eta garapenak ikertu beharrean, pertsona arruntek eguneroko bizitzan urteetan zehar teknologia hauekiko izandako harremanen kontakizuna bilatzen dute egileek. Ahozko kontakizun hauek idatziz jaso dira berauekin ikerketa etnografikoa burutzeko “Idatzizko oroitzapenak biltzeak, idazketa etnografikoak, Finlandiar historia eta folklore ikaskuntzetan tradizio luzea du” (Kortti & Mähönen, 2009: 50)[8]. Honek, ahozkoaren eta idatzizkoaren arteko banaketaz eta botere harremanetaz hausnartzea ahalbidetzeaz gainera[9] arestian aipatutako testu multimediekiko harremanen eta hauen bizipenekiko ikerketarako aukeren adibidea eskaintzen digu.
Kortti eta Mähönenen lanak Kultura Ikaskuntzekiko hurbiltasun handia agertzen du, telebistaren erabilera sozialei, eta telebistak egunerokotasuna moldatzen dituen moduei buruz galdegiterakoan, ikus-entzuleen taktiketan sakonduz, telebista ekoizle eta erregulatzaileen estrategietan baino (Kortti & Mähönen, 2009: 51). Era berean aurreko atalean jorratutako belaunaldien kontzeptuarekiko ardura ere agertzen du, telebistaren teknologien garapenarekiko (magnetoskopioak, kable eta satelite bidezko telebista…) esperientziei buruz ezezik belaunaldien arteko harremanei itaunduz adin-talde ezberdinei. Hala, parte-hartzaileei haien esperientziei buruz galdetzeaz gainera, haien guraso eta aiton-amonen telebistarekin lotutako esperientziei buruz ere galdetzen zaie (Kortti & Mähönen, 2009: 56), eta jasotako kontakizunak Finlandiar telebistaren historiaren epe esanguratsuenetan kokatzen dira, bizipen subjektiboak aldagai objektiboekin alderatzeko (Ellis, 2000). Honek, berriro ere, garapen teknologiko eta industrialaren eguneroko esanguran sakontzea ahalbidetzen die.
Kortti eta Mähönenen lanak zantzu metodologiko oparoak eskaintzen ditu telebistarekin lotutako esperientzien ikerketan ahozko eta idatzizko lekukotzak erabiltzerako orduan. Horretaz gain, telebistaren izaerari buruzko gogoeta aberatsak aurkezten ditu, finlandiarren kontakizun subjektiboak abiapuntutzat hartuta. Telebistak Finlandian jasan dituen eraldaketa tekniko eta industrialak ikus-entzuleen eguneroko bizipenen arabera deskribatzerakoan honen kokapen sozial eta kulturala esploratzen du. Zentzu horretan, egungo komunikabideen ekosistema konplexu eta aldakorrean telebistak oraindik ere zentraltasuna gordetzen duela ondorioztatzen dute autoreek, Meyhowitzek ohartarazi bezala, aurreko belaunaldien aztura eta jarreren arrastoak aurkituz belaunaldi berrien ulerkeretan:
…telebistak komunikabide sozial eta kultural izaten jarraitzen du ugaritasun eta oparotasunaren aroan. Telebistaren historian aldaketa teknologiko eta kultural anitz egon diren arren, telebistarekin lotutako ohituren ezaugarri nagusiek iraun egiten dute. (…) Telebistaren teknologiaren eboluzioak ´telebistaren erabilerak´aldarazi dituen arren, nahiko harrigarria da jende gehiena zeinen kontserbadorea den telebistaren inguruan. (Kortti & Mähönen, 2009: 58)[10].
Egun telebista kokatzen den komunikabideen ekosistema hibridoa da, ez solik plataforma, testu eta ikus-entzuleriaren elkarreraginaren konplexutasunagatik, baita komunikabideekiko jarrera, uste eta ulerkerei dagokienez ere. Telebista ulertzeko moduak, harekiko harremanak eratzeko erak, ez dira forma garbiak, belaunaldi, aro eta esperientzia arras ezberdinen arragoa baizik. Ikus-entzuleriaren ikerketa etnografikoak eta ahozko lekukotzen azterketak ikus-entzuleriaren errealitateak dimentsio anitzekoak, hibridoak, ezegonkorrak eta konplexuak direla erakusten digu, eta lan honi dagokion telebistarekin lotutako aisiazko esperientzien ikerketarako bideak zabaltzen dizkigu.
[1] “What is writing then? I designate as ´writing´the concrete activity that consists in constructing, on its own blank space (un espace propre) – the page- a text that has power over the exteriority from which it has first been isolated.”
[2] “The ´making´ in question is a production, a poiesis, but a hidden one, because it is scattered over areas defined and occupied by systems of ´production´(television, urban development, commerce, etc.), and because the steadily increasing expansion of these systems no longer leaves ´consumers´any place in which they can indicate what they make or do with the products of these systems. To a rationalized, expansionist and at the same time centralized, clamorous, and spectacular production corresponds another production, called ´consumption´”
[3] “… the oral escapes and opposes. Voices and bodies express pleasure and pain. The oral occupies the spaces of experience and cultural memory: the spaces of everyday life. It lies outside and against the scriptural enterprise.”
[4] “It is ‘primary’ by contrast with the ‘secondary orality’ of present-day high-technology culture, in which a new orality is sustained by telephone, radio, television, and other electronic devices that depend for their existence and functioning on writing and print.”
[5] Ikus Komunikabideak eta Espazioa, 2. Atalean.
[6] … only orality has ever existed in pure form. Literate and electronic cultures are hybrids. Literate cultures continue to speak, and electronic cultures continue to speak and read and write. To refer to a “literate culture,” then, is to use a short-hand term analogous to ”industrialized society.” Such concepts do not suggest that speech or agriculture have disappeared, respectively, only that a new technology is playing a major role in reshaping society.
[7] Elkarrizketa saio edo “talk show”–ak kasu.
[8] “Collecting written reminiscences, ethnographic writing, has a long tradition in Finnish history and folklore studies”.
[9] Izan ere, ahozkoa al da oraindik, ikerketa etnografikoa burutzeko idatziz transkribatua, gordea, aztertua eta argitaratutakoa? Bere espazio propioa gordetzen du, ala ikerketa akademikoaren idatzizko espazioan txertatzen da?
[10] “… television remains a social and cultural medium in the era of availability and plenty. Despite the many technological and cultural changes in television’shistory, most of the main features of television habits remain. Although the evolution of television technology has changed the ‘uses of television’, it is rather surprising, how conservative most people are around the tube.”

