Ikus-entzuleriaren ikerketa moduetan eta eremuaren egungo egoeran sakondu aurretik, lehenik eta behin argiketa terminologiko bat burutzea ezinbestekoa da, nahasmen handia baitago errealitate ezberdinak (bai objektiboak zein subjektiboak) izendatzerako orduan. Ez euskaraz ikus-entzuleriaren inguruan burututako lan akademikoak kantitatean eskasak direlako bakarrik[1], baita, bigarren atalean aurkeztu bezala, komunikabideen ekosistema eraldatze prozesu sakon eta azeleratuan dagoelako ere, non ikus-entzuleriaren nozioa etengabeko ezbai eta berdefinizioan dagoen.
Definizio ezaren harira gainera, komunikabideen ekosistema osoan gertatzen ari diren eraldaketak komunikazioaren kontzeptu gehienei eragiten ari direla ikus daiteke. Testuaren ideia bera kasu paradigmatikoa da. Ikus-entzuleriak existitu daitezen aurrebaldintza da testua, zentzu zabalean hartuta, eta, Threadgoldek jaso bezala, testua komunikabideen ikerketan gehien erabilia eta gutxien definitua den terminoa da aldi berean. Hasiera batean Idazteun edo Eskritura Santuei zuzentzen zitzaion berba, eta gero idatzi edo inprimatutako mezu orori, interpretatu edo baloratu daitekeen edozein mezu edo zeinu sorta deskribatzeraino zabaldu da hogeigarren mende erdialdeko filosofiaren bira linguistikoaz geroztik, lehen argi bereiz zitezkeen mugak lausotuz (Threadgold, 2005: 345). Multimedia bateratzearen eta komunikabideen ekosistemaren eraldaketen ondorioz, testua ez da, dagoenekeo, lehen zena, ikus-entzuleriak eurek lehen zirena ez diren bezala. Ottek ere hala jasoko du:
Egun, komunikabideen adituek abesti, film, interneteko gune, bideo-joko eta telebista saioak, denak dituzte testutzat. Komunikabideen ikaskuntzetan, hortaz, testua kode diskurtsiboen sorta egituratua da, ikusizko zeinuz nahiz zeinu linguistikoz osatua, zein esanguratsua eta atsegingarria izan daitekeen ikus-entzuleria [jakin] batentzat. (Ott, 2008: 97)[2]
Testua, zeinuen ehundura bezala ulertuta, idatzizko erregistrotik aldendu eta irudiz, ikusizko zeinuz, komunikatu daitekeen mezu oro adieraztera heldu da. Ottek ez du entzunezko testurik aipatzen definizioan, baina era berean argudiatu daiteke zeinu sorta garaikideak ez direla ikusizkoak soilik, multimedia direla, ikus-entzunezkoak direla, adibidetzat dituen film, webgune, bideojolas eta telebista saioak bezala. Definizio saiakera aski zirkularra da, noski. Ikus-entzuleriek -edozein ikus-entzuleriak- testua behar duten bezala, testu orok behar du ikus-entzuleria, testu gisa funtzionatzeko. Kode diskurtsiboen izaera (idatzizkoa, ikusizkoa, entzunezkoa, multimedia…) eta berauen antolaketa delakoa dela, esangura edota esperientzia atsegingarriaren posibilitatea irekitzen duen aukera da testua, baita telebistakoa ere. Testua eta ikus-entzuleria elkarrekin eratzen diren errealitateak dira; bataren izaera besteak eusten du, ezinbestean.
Zentzu horretan, Shaun Moores-ek ohartarazi bezala, “Ez dago komunikabideen ikus-entzuleria bezala isolatu eta identifikatu dezakegun erakunde egonkorrik, ez eta arazorik gabeko objektu bakar bat ere guretzat behatu eta aztertzeko ´hor´ dagoena.” (Moores, 1993: 1-2)[3]. Ezegonkortasun eta problematika berberak aurkitzen ditugu telebistaren ikus-entzulerietan, ikus-entzuletzaren mugak iragazkorrak eta aldakorrak baitira. Ikus-entzuleriaren azterketa abiatzen duen erakundeak, galderak formulatzeko moduak berak, eraikitzen dute ikus-entzuleriaren konstruktua. John Hartley ikerlari beteranoak esana da: “…kasu guztietan produktua fikzio bat da, zeinak irudikapena burutzen ari den erakundearen beharrei erantzuten dien. Ikus-entzuleria ez da inoiz ere ´erreala´, edo eraikuntza diskurtsiboz kanpokoa.” (Hartley, 1987: 125)[4].
Argiketa terminologikoaren lehen pausu gisa audientzia, publiko eta ikus-entzuleria kontzeptuak jorratuko ditugu hurrenez hurren ondoren. Termino hauek gurean duten onarpen maila handia, hein handi batean, komunikazio eragileen arteko behartutako adostasunetik eratorria da; iragarle, industria eta kontsumitzaileen arteko harremanak kuantifikatu eta moneta komun bat ezartzeko ahaleginetik[5]. Edorta Arana irakasleak aipatzen duen bezala, “Ikerketa horietan ikus-entzuleria zenbatuta eta sailkatuta gero, gehienetan, publizitatearen bidezko diru trukerako” erabiltzen baita (Arana, 2008: 349). Ikerketa akademikoa ere ez da negoziazio eta tentsio terminologiko hauetaz libro: Hartleyk fikziozkotzat hartzen duen konstruktuaren definizioan beste eragile bat besterik ez da, komunikazioaren ingurune aldakorrean. Berba hauek ageri dituzten “erakundeen beharrak” ezkutatu baino azalaraztea beharrezkoa da, labur bada ere, iker-objektuari hobeto heldu asmoz termino bakoitzaren ahalik eta erabilera zehatzena mugatzeko, eta lan honi dagozkion beharrei erantzuteko.
[1] Ikus Euskarazko ekarpenak Ikus-entzuleriaren Ikaskuntzetara azpiatala.
[2] “Today, media scholars refer to songs, films, internet sites, video games, and television shows all as texts. In media studies, then, a text is a structured set of discursive codes comprised of visual and/or linguistic signs that is potentially meaningful and pleasurable for an audience.”
[3] “There is no stable entity which we can isolate and identify as the media audience, no single object that is unproblematically ´there´for us to observe and analyse.”
[4] “in all cases the product is a fiction which serves the needs of the imagining institution. In no case is the audience ´real´, or external to its discursive construction.”
[5] Ikus Azterketaren mugak azpiatala.

