Hamaika laguni aisia zer den galdetuz gero, hamaika erantzun jasoko genituzkeela bagenioen aurreko atalean[1], eta antzera gertatzen da telebistari eta telebista ikusteari buruz galdetzerakoan. Telebista gure espazio mediatikoaren zati baino egituratzaile bilakatu da, gure komunikabideen ekosistemaren parte, eta pertsona orok du telebistarekiko iritzia eta telebistari buruzko ulermena. Elynn Haf Gruffyd Jonesek jaso bezala, telebistak nolabaiteko “unibertsaltasun eta abilezia” agertzen du bai “entretenimendu arinerako” zein “eztabaida sakonerako”, ume gazteenenengana zein belaunaldi zaharrenenengana heltzen da, eta ia etxe guztietara ailegatzen da (Jones, 2008: 58). Hain da nonahikoa, hain da egunerokoa haren presentzia ezen zuzenean ez bada zeharka pertsona oro dagoen kontaktuan telebistarekin. Hartara, telebista ulertzeko modu asko daude, eta ditugu, ezinbestean. Sarri “mundura irekitako mundua” bezala deskribatua, berri iturri, irakasle eta “komunitate irudikatuaren” eraikitzaile bezala ere hartua izan da. (Kortti & Mähönen, 2009: 50)[2], baina orohar telebistari kultura baxuko ezaugarriak egozten dizkiogu {{299 Levine, Elana 2008}}: “Telebista kalekoa baino etxekoa, garaikidea baino zaharkitua, adierazpen artistikorako bide baino lotura komertzialek mugatutakoa bezala marraztua izan da, eta komunikabideen aro berrian mugikorra eta interaktiboa baino estatikoa eta norabide bakarrekoa bezala marraztua da egun.” (Levine, 2008: 405)[3]. Bestela esanda, komunikabide zentrala eta nonahikoa izan arren, kultura gabeziaren edota maila kultural apalaren estigma ezarri izan zaio historikoki.
Bignellen ustez telebistaren izaera modu askotara ulertu, eta hortaz aztertu daiteke (Bignell, 2008: 2): testu bezala, telebista saioen analisiaren bidez; erakunde industrial bezala, honen antolaketa eta ekoizpen praktikak aztertuz; kultura bezala, kultura garaikidean duen lekua eta ikusentzuleriaren ikerketa soziologikoen bidez; eta historia bezala, telebistaren garapena eta beronen emankizunen politika aztertuz. Telebistaren ulermenak honen azterketa baldintzatzen du, eta alderantziz, telebistaren azterketak, honen ulermenari ematen dio forma.
Esan genezake haren adiera ezberdinetan, telebistak Le Diberdier eta Coste-Cerdanek (Coste Cerdan & Le Diberder, 1990) identifikatu gabeko objektu soziala osatzen duela telebistak: etxeko gailu elektronikoa, erakunde soziala, ikusentzunezko edukien ekoizpen, banaketa eta kontsumo sistema, aisiazko praktika, industria, merkatua…Javier Callejok aipaturiko nortasun anitzeko komunikabidea (Callejo, 1995) gizarte mailan irudikatutako ezaugarriak pilatuz doa, irudikapen hauen artean ikusleriarena berarena agertzen zaigularik, bere burua telebistaren aurrean irudikatuz. Komunikabideen ekosistema aldakorrean are zailagoa bihurtzen da telebista zer den argiro mugatzea eta telebista ikustea zer den zehazki eta behin betiko definitzea. Izan ere, telebistak gizartean duen kokapena aldakorra da, telebistaren erakundeak eurek eraldatze etengabean murgilduta daude, eta aldi berean “telebistaren ikusentzuleriaren kontzepzioak eta telebista ikustearen natura bera” (Bignell, 2008: 6) aldatzen ari dira.
Zentzu horretan Kelly-Holmesekin bat nator, “Telebista horren ikerketa-objektu erakargarri eta erronkakor egiten duena da hain zuzen ere hain frustrantea bihurtzen duena: bere ezegonkortasuna.” dionean (Kelly-Holmes, 1999: 1)[4]. Eta telebista ezegonkorra bada, zer esanik ez telebista ikusteaz. Bignellek aipatutako telebistaren izaera ezberdinak aztertzerako orduan telebista ikusterako orduan diziplinartasuna kritikatuko dute Michael Kackman eta abarrek “´telebista ikustearen´ jarduera sozial eta funtsean porotsua” (Kackman et al., 2011: 2)[5] aipatzerakoan. Telebista ez da errealitate hermetikoa, iragazkaitza, alderantziz: teknologikoki zein sozialki iragazkorra, porotsua den errealitate ezegonkor eta erronkaz betea osatzen du.
Jason Mittellek (Mittell, 2011) TiVoing Childhood (Haurtzaroa TiVo-tzen) artikuluan bere esperientzia pertsonalean oinarritutako hausnarketa proposatzen du grabagailu digitalek familia osoaren, baina batez ere umeen, egungo telebistarekiko jokabideak eta beronen ulerkera nola eraldatu duten gogoratuz. Autoreak seme-alaben jaiotza eta TiVo telebista digitalerako sarbidea eta edukiak disko gogorrean grabatzea ahalbidetzen duen zerbitzuaren erosketa aipatzen ditu “komunikazio teknologien esangura” (Mittell, 2011: 46) aldarazi dioten bi gertakari gisa. Mittellen ustez, bai gurasoentzat eta baita umeentzat ere, ikus-entzunezko edukiak grabatu eta nahi erara ikusi ahal izateak telebista ulertzeko moduan zuzenean eragiten du, “gure teknologiaren erabilerak berauen esanahi eta erabileren perspektiba kokatzen”[6] (Mittell, 2011: 48) baitu. Zentzu horretan, komunikazio teknologien ikuspegi epistemologiko baten alde egiten du ikerlariak, pertsonek teknologia zehatz baten inguruan nola pentsatzen duten eta testuinguru teknologikoek gizarte praktikak nola baldintzatzen dituzten aztertzearen aldeko deia eginez.
Raymond Williamsek gogorarazi bezala, telebistaren asmakuntza ezin da gertakari bakarrera, ez eta gertakari segida zehatz batetara murriztu. Hala “[Telebistaren asmakuntza] elektrizitate, telegrafia, argazkigintza, film eta irratian emandako asmakuntza eta garapenen multzoen menpe egon zen (…) Baina epe bakoitzean beste helburu nagusi batzuekin burututako asmakuntzetan oinarritu beharra izan zuen bere egikaritzerako” (Williams & Williams, 2003: 7)[7]. Hartara, telebistaren ideiak helburu ezberdinetarako garatutako teknologia ezberdinen bateratzea ekarri zuen, bat-bateko asmakuntza teknologikoa baino gehiago. Garapen teknologikorako ideia ezberdinen (argazkigintza, telegrafoa, telefonoa…) oinordekoa da. Esana dugu jada, gurutzbideko errealitate linguistikoa dela telebista izena, greziar eta latindar hitzen elkarketan, eta Williamsi jarraiki, gurutzbide teknologikoa ere gaineratu beharko genioke, digitalizazio prozesua hasi baino askoz lehenago hasitako komunikabideen bateratzearen adibidea osatzen duelarik. Ikerlariarentzat telebistaren teknologia modu isolatuan aztertzea, edo telebista saio edo kate bakarrari buruz aritzea zuhaitzak basotzat hartzea bezalakoa da, telebista “gizarte teknologia bat baita, balio kulturalen instantziazioa, denboran eta tokian errotutakoa. Kackman eta abarrek jaso bezala “Haren formak, egiturak eta esangurak ez datoz besterik gabe komunikabidearengandik, eta ez dira inoiz finkoak edo aldaezinak” (Kackman et al., 2011: 2)[8]. Williamsentzat telebista ulertzeko, hortaz, berau –beronen testuak, beronen erabilerak, beronen formak- testuinguru historiko eta kulturalean ondo kokatuta aztertu beharra dago, telebista ikustearen errealitatea ez baitator zuzenean komunikabidetik bertatik, kulturaren erakundetze zehatzen islatik baizik.
Telebista gizartean eta pertsonen egunerokotasunean hain errealitate sarkorra eta nonahikoa izanik, eta eraldaketa eta bateratze prozesu sakonean murgilduta dagoen komunikabideen ekosistema baten baitan, telebistaren espezifikotasuna geroz eta iheskorragoa zaigu. McLuhanek eta Dezuek aipatu bezala, ikustezina egiten zaigu sarri[9] (Deuze, 2011; McLuhan, 2008). Williamsek berak arazoa bere horretan aitortuko du: “Benetan ez dakigu, kasu zehatz bakoitzean, teknologia batez ari garen ala teknologiaren erabilera batez ari garen adibidez, beharrezko erakundeei buruz ala erakunde berezi eta aldagarrietaz, edukiari buruz ala formaz.” (Williams & Williams, 2003: 2)[10]. Egungo komunikabideen ekosisteman telebista zer den eta zer ez den behin eta betiko setatu beharrean ordea, telebistaren izaera ezegonkor eta iragazkor honek ikerketarako abagunea zabaltzen digulakoan nago. Izan ere telebista zer den eta telebista ikustea zer den galdetzea telebistarekiko gu zer garen galdetzea ere bada. Bi galderek, nire ustez, zeresan handia dute elkarrekiko.
[1] Ikus “Aisiaren esanahiak” lan honen 1. atalean.
[2] “Often described as a‘window on the world’, television is examined as a news medium, a teacher and a maker of an ‘imagined community’ (Anderson, 1983).”
[3] Television has been,and often still is,constructed as domestic rather than public, as old-fashioned rather than edgy, as a product of commercial constraints rather than artistic expressiveness,and now,in the new media age,as static and unidirectional rather than mobile and interactive.
[4] “What makes television such a fascinating and challenging object of study is precisely what makes it so frustrating: its instability.”
[5] “the essentially social, and porous, act of ´watching television´.”
[6] “…our use of technology frames our perspectives on its meanings and uses”
[7] “It depended on a complex of inventions and developments in electricity, telegraphy, photography and motion pictures, and radio.(…) Yet in each of these stages it depended for parts of its realisation on inventions made with other ends primarily in view”
[8] “Its forms, structures, and meanings neither inhere to the medium itself nor are ever fixed or immutable.”
[9] Ikus espazio mediatikoari dagokion atala.
[10] “We really do not know, in any particular case, whether, for example, we are talking about a technology or about the uses of a technology; about necessary institutions or particular and changeable institutions; about a content or about a form.”
